BIGARREN ZATIA

 

I. AGERRALDIA

 

Mendi Mendian, Fraidetegi zahar bat: Ez gure artzaineri urrun, eta Iakes-en xolari urbil.

Fraidetegi barnean gare. Komentuko eskaratza dugu begien aintzinean. Buruz-buru, ate aundi bat: kanporakoa. Ezkereskuin, bi ate txiki: etxe-barne ta elizarakoak.

Eskaratzeko paretak, xuriak edo xuri izanak dituzu. An-emenka, egurrezko jarleku zahar batzuek ageri. Ezkerreko hormati dilindan, Andre Dena Maria-ren Irudi bat. Eta ari buruz buru, egurrezko Gurutzea. Sarrerako ate ondoan, ezkila-soka zintzilik.

Gaua da. Barneko argiak, lege-zaharrekoak izaki. Bederatzi orenak joak. Gure Aita Xabier eta Anai Mattin, menditik etxeratu berriak.

Oialak idekitzean, aurrez-aurre, bi fraide dagoz jarririk, elgarri begira: Aita Pello (Gipuzkoarra) eta Aita Beñat (Lapurdi-ko semea). Bakoitzak badu, bere zudur aintzinean, liburu aundi bat idekia. Arek La Historia de España por Rodolfo Moreno, Eta hunek L'Histoire de France par Gustave Le Blond. Mintzo direlarik, orduantxe igitzen dire gure fraideak. Bertzela, begoz geldi: egurrezkoak ba lire bezela.

Aditu bitez, astapenean eta gero ere tarteka, fraidegaien eliza-kantak.

 

AITA PELLO (Bertze fraideari zorrozki begira):

            Gora! Gora Espainia!

            Bere Santu, bere Errege

            Bere kondaira guzia.

            Gure Espainia-lakorik

            Ez da munduan Erririk

            Espainia-ren aurrean

            Bego Frantzia lurrean

            Lotsaz... begiak apalik!

AITA BEÑAT:

            Zoin ederra den Frantzia!

            Bere Errege, bere Saindu

            Bere lur... bere grazia,

            Frantzia bezelakorik

            Ez da zeruan izarrik!

            Izar orren aintzinean

            Espaini bego lurrean

            Belauniko... eta ixilik!

ANAI MATTIN: (Sukaldeko amantal urdina soiñean) Aitaren eta Semearen... (bere buruakin mintzo) Anai Mattin, erran diat aspaldi: Etxe huntan ez duk funtxarik. Ez-duk fun-txa-rik! Batzuek elizan kantuz, bertzeak baratzean dantzan... Otoitza ere: sekulan baino geio. Gazte oiek ola dituk orain: beti otoitzean. Baina sukaldeko... Nior ez. Ni-or-ez! (Fraidieri begira) Orra bi oiek ere... Etxe huntan buru pixkat ba'litz, ze lan ederra egin zezaketen biak... patata xuritzen. Ezpaita bururik, ordia. Ez-da bu-ru-rik! (Barneko atetik oyu) Aita Xabier! Bakizu ze tenore duzun? Ez al dituzu, janeko, ezkilak jo bear? Zeri begira zare? Artzain gaizoak or egonen dire, gaueko ezkileri beha, ogeratu gabe.

AITA PELLO: (Idorki) Anai Mattin, zato.

AITA BEÑAT: Zato bai, zato. Ez naiz beldur.

AITA PELLO: Zein da, zure iduriko, aundien: Espainia edo Frantzia?

AITA BEÑAT: Barkatu: Frantzia edo Espainia?

ANAI MATTIN: Beazute, nere Aita ta jaun maiteak: lanez itoa nauzute. Sukaldean bada saski aundi bat patata-berri, xuritzeko. Etziñateke biak artan lotuko?

AITA PELLO: Patata-xuritzen? Kondaira barneko Errege ta gerraldiak dituzu buruan.

AITA BEÑAT: Ez sukaldeko lusagarrak, Anai Mattin.

ANAI MATTIN: Ongi da. Segi ortan. Moldatuko naiz nolabait. Gaua luzea baita. Bainan ez itzazutela zuen errege ta gerlaldiak geiegi laudatu, baratzeko lusagarrak soberasko bei titurik. Errege ta gerlarik gabe ere, biziko bai nindake ni. Bainan patatarik gabe, zuek ez. Eta erran, ene Aita ta jaun maiteak: zergaitik ari zaizte beti, elgarri mokoka? Etxeko bi Aita zaharrenak ere hol-ola ditut, joan den astetik unat. Ez dire elgarrekin mintzatzen ere.

AITA PELLO: Zer dute?

ANAI MATTIN: (Ixilka) Batek eletrikari, eskueraz ere olaxet «eletrika» bear zaiola erran sanuki. Ta bertzeak berriz... nola erran zuen?... ximistargia. Ze oyuk! Geroztik akabo: Ez dute elgarri agurrik egiten ere. Atzo bilduak nituen puliki elgarretarat. Ez bai zuten mahi berean afaldu nahi izaten ere. Bainan alako batez, nik arno pittat ekarri niotelarik, batek basoari hol-ola «basoa» bear zitzaiola erran, eta bertzeak berriz «edan-ontzia»... lotu ziren oyuka berriz biak eta akabo. Geroztik sutan ditut, sutan

AITA PELLO: Txikikeriak dira oiek. Gu goitik ari gera, goitik.

ANAI MATTIN: Ttipikeriak? Ez dire ttipikeriak ez. Mari-Gaizto ibilki baita dantzan. Eta hua ikasia izaki: pindar txipiakin, Eskualerrian su aundiak egiten. (Bi fraideak gelditu bitez ixilik eta geldi)

 

 

 

II. AGERRALDIA

 

Anai Mattin eta Aita Xabier

 

ANAI MATTIN: (A. Xabier ikusiz) Ori! Emen zare? Ez da goizegi, aurra. Zer egin duzu gelan, menditi biok etxeratu geroztik? Ez duzu, gaur, afaldu ere.

AITA XABIER: Anai Mattin, otoi, ez zenituzke, beingoz, gaueko ezkilak zehorrek joko?

ANAI MATTIN: Gaueko ezkilak nehorrek jo? Ze-uzu?

AITA XABIER: Ez dakit...

ANAI MATTIN: (Trufaka) Ez dakit... Ilun naiz... (Ikusleri begira) Ni ezkondua ba nintz eta hau mutil gazte, egon trankil ez nion nik uni, belauniko etorrita ere, alabarik emanen. Gizon sanuak maite-tut nik. Funtxako gizonak. Ez tir, tir, tir... pilosopikeriz erdi xoratuak... (Badoa sukalderat)

AITA XABIER: (Ezkila-soka eskuetan arturik, ametsetan bezala) Nola behar ditut ezkilak jo? Alegera?... Hilun?... Maialen mendian... Maialen mendian, nere ezkileri so... Eta nik soka hunekin zernahi erraiten ahal. Eta berak adituko. Erlea bezelaxe ibilki zait inguruan pekatua. Artako diot soka huni beldur. Beldur... eta amodio.

      (Erran-kantuz):

            Arantzazu-ko Andre-Mari

            Nahi dut eta ez nahi...

            Fraidea eta gizona

            Dauzkitzut borrokan ari!

 

(Kanpoko atean, jo du norbaitek)

 

AITA XABIER: (Arritua) Nor da hor?

IAKES: (Kanpotik) Ni naiz, Iakes artzaina.

 

(A. Xabier-ek, atea idekiko dio)

 

 

 

III. AGERRALDIA

 

A. Xabier eta Iakes

 

AITA XABIER: Iakes! Zer duk tenore huntan?

IAKES: I ago atean? Obe.

AITA XABIER: Zer duk ba?

IAKES: Uste nian bauela zerbait. Ez bai nizkian eskilak aditzen. Egon ta egon: Ezkilarik ez. «Xabier-ek badik zerbeit» ene baitan. Makila artu ta «banatxeok» ene buruari eginda, laisterka etorria nauk galdetzen. Zer duk?

AITA XABIER: Deusik ez. Lanean ezkilak ahantzi. Artako etorri aiz, gauaz, xolatik unat

IAKES: Ez nian, bertzela, lorik eginen.

AITA XABIER: Lagun zaharra, beti lagun. Oa, berriz. Beranta duk.

IAKES: Errak. Mari-gaizto ikusi diat.

AITA XABIER: (Arritua) Mari-Gaizto? Hemen? Gauaz? Nun ikusi duk?

IAKES: Ortxet, unatekoan: Larralde-ko oyanean.

AITA XABIER: Eta?

IAKES: «Gazte! Gazte! Ator Gazte!» asi zait illunpetik oyuka.

AITA XABIER: Eta urbildu aiz?

IAKES: Bera biderat etorri.

AITA XABIER: Ik?

IAKES: «Baztertu adi –egin diot– ez diat iretako astirik.»

AITA XABIER: Eta berak?

IAKES: «Atzemanen aut, itzulian. Bearko nauk entzun. Arrituko aiz, nere erranak aditzean. Baina kasu emak: Ire alde ari nauk.»

AITA XABIER: Bilduko au, azkenean.

IAKES: Ni bildu? Ago ixilik. Sorgin mutxurdina! Neska gazte ederra balitz, oyanean ola gauaz atzemana...

AITA XABIER: Ago ixilik. Fraidetegian ago...

IAKES: Ba! Nik Maialen diat buruan. Ez bertzerik.

AITA XABIER: Errak. Gure Aita Nagusia ezagutzen duk ongi...

IAKES: Nik uste.

AITA XABIER: Saindua duk, ezta?

IAKES: Ba-pittat!

AITA XABIER: Orrek ez dio ba, Mari Gaizto-ri trufa egiten. «Niork ba al daki –egiten digu maiz– nun den emazteki ori bizi. Nun den sortu. Nun egiten duen lo. Nork ematen dion jaten. Zaharra da, ta dantzan zalu ibilki. Ixilekoak jakiten eta gezurrak asma. Hua iragan lekutik, bakea igesi. Egun Gipuzkoa-n ageriko zaizue, biar Naparroa-n, atzo Lapurdi-n...»

IAKES: Ez kexa. Betorrela, betor. Orain gaua dela erranik ere, ez bai diot sinetsiko.

AITA XABIER: Oa ba. Ibil adi erne.

IAKES: Ez kexa. Egizak lo (badoa aterat).

AITA XABIER: Errak...

IAKES: Zer duk?

AITA XABIER: Nik artzaingoan bazekiat. Ikasi zak, ik ere, fraide ofizioan. Una emen soka. Jo-itzak ezkilak zehorrek.

IAKES: Gogotik. Baina nik artzain-gisa joko dizkiat gero zakarki. Erranen du, berriz ere, norbaitek: «Zakar ori! Goxoagoa duk laguna!» (Artzen du soka eskuetan) Maialen! Atzar adi Maialen! (Lotzen da ezkila-jotzen. A. Xabier, artean, ametsetan bezela dago. Iakes, gero, xoraturik) Munduan ez duk, Xabier, ni bezelako Erregerik. Ene mendiak maite dizkiat. Ene ardiak ere. Bertzerik ez diat behar... Maialen neria izanik!

AITA XABIER: Oa

IAKES: Egizak lo, lagun zahar (Eta badoa).

 

 

 

IV. AGERRALDIA

 

A. Xabier eta A. Nagusia

 

(Aita Xabier gelditu da bakarrik. Nun dagoen ere ez dakiela. Maialenekin mendian egindako kantak etortzen zaizkio gogora. Barnetik aditu bitez)

 

            «Kantari, kantuz nauzu

            Kantuz naiz alegera.

            Kantari, kantazu ba

            Kantuz naiz zuri beha.

            Yainkoak badaki mutil nauela!

            Bozkarioak artua nau

            Egun, mendian nagoela...»

AITA XABIER: Naikoa! Naikoa!

(Gurutzean beha. Erran kantuz)

            Fraide autatu baino lehen

            Gizon ninduzun sortua.

            Gizon-legepean nago

            Gizontasunak artua.

            Ez ba nuke gizon bear

            Gizon izanik sortua

            Ez dakit zer nindukezun

            Aingeru edo Debrua!

 

(Aita Xabier ixildu delarik, norbaitek ukitu du bizkarrean. Itzulirik, Aita Nagusia atzemanen du begien aintzina.)

 

AITA XABIER (Kantuz):

            Aita Nagusi

            Ez nazazula utzi

            Nola nagon ikusi

AITA NAGUSIA:

            Nere semea

            Hol-ola nahi zaitut

            Gizon eta gaztea.

            Gau illunean

            Atzemanen duzu, seme,

            Zeruko bidea.

AITA XABIER:

            Aita Nagusi

            Ez nazazula utzi

            Nola nagon ikusi...

            Aita, beha

            Nola duzun semea!

AITA NAGUSIA («Norat oa xoriñoa» airekin):

            Goazen, goazen elizarat

            Eman zaite otoitzean.

            Antxe duzu, zu bezala

            Gizon bat Gurutzean.

            Gizon orren belaunetan

            Otoitzerat joaiteko

            Elurra dut bidean...

AITA NAGUSIA:

            Elurra urtuko zaizu

            Emanik otoitzean.

 

(Badoaz, emeki eta kantuz, bi fraideak elizarat)

 

 

 

V. AGERRALDIA

 

Aita Pello eta Aita Beñat

 

AITA PELLO:

            Ni nauzu, naizta fraidea,

            Gipuzkoa-ko semea.

AITA BEÑAT:

            Fraidea nauzu ni ere

            Baina... Lapurdi-ko seme!

AITA PELLO:

            Sortu zarela Frantzian

            Ager duzu... usainean.

AITA BEÑAT:

            Ni espainarra ba nintza

            Lotsaz... ez nindake mintza.

AITA PELLO:

            Seguru naiz, pekatua

            Frantzia-n dela sortua.

AITA BEÑAT:

            Espainia-n oberena

Torero-a ta zezena.

            Gu gare, gu, soldadu on

            Mintza bedi... Napoleon!!!

AITA PELLO:

            Espainatarren odola?

            Teresa eta Loiola!

            Oien parean zuek zer?

            Sartre, Rousseau eta Voltaire!...

AITA BEÑAT:

            Donrémy-ko neskatilla?

AITA PELLO:

            Zuek sor ta zuek illa.

AITA BEÑAT:

            Eta San Luis Erregea

            Zer zen? Madrid-ko semea?

AITA PELLO:

            Bakizu zer den Frantzia?

            Debruaren umia!

AITA BEÑAT:

            Eta zuen Espainia?

            Olioa ta zorria.

AITA PELLO:

            Gora beti Bidassoa

AITA BEÑAT:

            Obe balitz itxasoa.

AITA PELLO:

            Zuek an eta gu emen!

AITA BEÑAT:

            In secula seculorum... Amen!

 

 

 

VI. AGERRALDIA

 

Lehengoak, Mari-Gaizto eta Aita Nagusia

 

MARI-GAIZTO: (Atetik oyu:)

            Segi hola, nere seme,

            Borrokan! Fraideak ere!

            Eskualerria ez dedin

            Sekulan Erri bat egin!

 

(Mari-Gaizto lotzen da dantzan. Eta, dantza bukatua, badoalarik, Aita Nagusia atzematen du atean.)

 

AITA NAGUSIA:

            Nor zare zu?

MARI-GAIZTO:

            Mari-Gaizto. Ta i?

AITA NAGUSIA:

            Aita Nagusia.

MARI-GAIZTO:

            Utzi nazak ateratzen.

AITA NAGUSIA:

            Oa, sorgin gezurtia.

            Oa, urrun, oa laister

            Emendik, debrukumia.

MARI-GAIZTO:

            Adi zak, otoi, Aita Nagusi

            Zertako behar asarre?

            Obe diagu tratua egin

            Biok eman, biok galde.

            Uzten dizkiat zaharrak oro:

            Bai Anai eta bai Fraide.

            Emaizkidak, ordainean...

            Etxeko bizpairu gazte.

            Nik eskolatuko ditut

            Gizonetan eta bertze.

AITA NAGUSIA:

            Oa emendik, sorgin zaharra!

            Gaztetan dut itxaroa.

            Heien eskuetan dago

            Gure Erriaren geroa.

            Heiek landuko, dantza ta kantuz,

            Eskualerri-ko gogoa.

MARI-GAIZTO:

            Aita Nagusi, emaidak batto

            Gazte bat nikek naikoa

            Eskualerria-n iraun azteko

            Herra eta gorrotoa.

            Emaidak batto, Aita Nagusi!

            Nerea dedin geroa...

AITA NAGUSIA:

            Oa hemendik atso zaharra.

            Oa, ta ez dezan ahantzi

            Euskalerri-ko gaurko gazteak

            Bat dutela egin nahi

MARI-GAIZTO (sutan):

            Mendi mendian iturria dut

            Oyan erdian gorderik.

            Iturri ori nola idekitzen

            Nik zekiat. Nik bakarrik.

            Adizak, ondo: Iturri orrek

            Ur gorria ekartzen dik.

AITA NAGUSIA:

            Oala urrun, oala laister

            Atso zaharra, oa emendik!

MARI-GAIZTO:

            Igorriko-iat, Aita Nagusi,

            Odola menditi-beitik!!!

 

(Mari-Gaizto joan bedi. Aita Pello ta Aita Beñat, izituak, betoz Aita Nagusiarengana).

 

AITA PELLO:

            Aita Nagusi, nola sartu da

            Mari-Gaizto etxe huntan?

AITA BEÑAT:

            Atea ideki, guri behatu

            Ta lotua zaigu dantzan.

AITA NAGUSIA:

            Zertan ziñaten?

AITA PELLO:

            Denbora pasa

AITA BEÑAT:

            Hola... bakizu...

AITA NAGUSIA:

            Borrokan?

            Argati sartu da Mari-Gaizto

            Ta lotu zaizue dantzan.

            Menderik mende, hua ibilki da

            Eskualerri huntan Sorgin.

            Gezurra ixuriz, bazterrak nahastuz

            Odol-mina sortu dadin.

            Erriko-seme uts-utsa bai naiz

            Eta Jainkoaren mutil,

            Irrintzika nabil zuen baitan

            Mari-Gaizto dadien hil.

            Joanak oro ahantzi ditzagun

            Ta geroa dezagun bil!

AITA PELLO (A. Beñaten beharrirat):

            Iduritzen zaut... gu biontzako

            Ari dela predikoan.

AITA BEÑAT:

            Nere Aita Pello... Obe genuke

            Patata-xuritzera joan.

AITA NAGUSIA:

            Gaua da. Orain fraideak oro

            Betoz, usaian bezala,

            Elizan otoitz eginda gero

            Dantza ta kantu egitera.

 

 

 

VII. AGERRALDIA

 

Komentuko Fraideak oro

 

(Fraidien solasaldia dugu. A. Nagusia jarri bedi bere alkian. A. Pello eta A. Beñat, elizako atetik, beren laguneri keinuka: etortzeko. Organua asi bedi jotzen; eta fraide guziak elizatik atera bitez, ospetsuki, eskaratzean leku-artuz. Organua ixildu ta asi bitez fraiden jostetak.)

 

AITA NAGUSIA: («Lauda Sion» aireakin)

            Kanta zagun, dantza zagun

            Urbil bai da gure Lagun

            Salbatzaile ta Artzaina.

AITA JOANES:

            Artzain-Ona mendietan

            Ibilki zait ardiketan

            Eta ardiak ezagun.

AITA ENEKO:

            Dantza gaiten alegera

            Mendi-gainetan bai gera

            Artzain-Onari Kantuz.

AITA NAGUSIA:

            Kanta zagun, dantza zagun

            Urbil bai da gure Lagun

            Salbatzaile ta Artzaina.

AITA XABIER:

            Ardietan ba zen batto

            Igesi nai ta Arek «zato».

            Antxu galdu zitzaion

DENAK:

            Dantza gaiten alegera

            Mendi-gainetan bai gera

            Artzain-Onari Kantuz.

 

(Organuak jo beza, doinuren bat. Eta fraide gazteak asi bitez dantzan. A. Mattin etorri bedi bere lusagar-saskia besoan; eta A. Pello ta Beñat eman bitza patata-xuritzen. Bertze Aita guziek ere lagundu bitzate, beren keinu ta kantaz, fraide gazte dantzariak. Alako batez, atean jo du norbaitek. Dantza gelditu bedi golpez. Fraide gazte batek atea ideki ta agertu bedi Begibeltz. Ari begira, denak arrituak dare.)

 

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Begibeltz

 

BEGIBELTZ: (Hilun eta zakarki) Aita Nagusia?

AITA NAGUSIA: Huna emen.

BEGIBELTZ: Ezagutzen nauzu?

AITA NAGUSIA: «Begibeltz» artzaina! Zer duzu, gizon?

BEGIBELTZ: Zer duzu? Alaba dut mendian utzia. Bakar-bakarrik. Azken atsetan.

AITA XABIER: Maialen? Azken atsetan? Zer du? Mintza zaite!

AITA NAGUSIA: AITA XABIER: Aginduak emaiteko, naikoa naiz ni etxe huntan.

AITA XABIER: Barkatu Aita.

BEGIBELTZ: Igortzen al duzu laister, oietakoren bat mendira. Ez dakit bizirik atzemanen duen alaba. Ni joaki naiz irirat, midiku ketara.

AITA NAGUSIA: Gaixo Gizona! Zer egin zaio alaban ba?

BEGIBELTZ: Amildu mendian, beorketan ari zelarik.

AITA NAGUSIA: Beorketan, gauaz?

BEGIBELTZ: Beorketan gauaz bai, beorketan gauaz. Illegorri-k eraginda. Obe, hil eta gero, gizon zital orrek balu betirako sua.

AITA NAGUSIA: Begibeltz! Aita baten biotz-mina bear da errespetatu. Bainan ez zaitela otoi-etxe huntan ola mintza.

BEGIBELTZ: Bai. Aixe ibiltzen-duzute zuek mihian, ele-ederrak. Entzun ongi: Gure xola ondoan, atzemanen duzute lurrean zerbait. Behatu ondo: Gizona den edo zakurra. (Badoa)

AITA NAGUSIA: (Bertze fraideri begira): Barkatuko diozute, nik bezela. Odolak bai dio gaina artu. Entzun duzute, Aitak, artzainaren galdea. Mendian du alaba zauritua. Gaua da. Begibeltz eta hoien xolak ez dire urbil; eta oroz gainetik, arako bidea, gauaz, irrisku aundikoa. Bada ilargirik?

AITA JOANES: (Atetik beatuz): Gau iluna duzu, Aita. Hilunetarikoa.

AITA ANDDES ZAHARRA: Aita Nagusi, barkamenduakin...

AITA NAGUSIA: Mintza zaite, Aita.

AITA ANDDES: Nik ditut emengo bideak ongi ezagutzen. Begiak etxirik ere, joanen nindake aixe Begibeltz eta hoien xoletaraino. Igorri nazazu, bakar bakarrik.

AITA NAGUSIA: (Goxoki) Etxeko biotz gaztena zurea izanik ere, bizkarrean urte geiegi dituzu, Aita, mendian gauaz ibiltzeko.

IRU AITA GAZTENAK: Igorri gaitzazu gu, Aita! Laisterka joanen gaituzu!

AITA NAGUSIA: Gazteskoak zaizte hoino, olakoetan zer eta nola egin behar den jakiteko. (Aita Xabier-i begira, gero) Alta Xabier, artzaingoan ibilla zare zu, mendi hauetan: Gauaz ere, makina aldiz, ardi galduaren billa. Zoaz ba. Kofesa zazu haurra, neska gaixoa, mendian bakar bakarrik izanen duzu. Aitak itzulia egin arte, zaude zu haurraren ondoan.

AITA XABIER: Aita, otoi, ez nazazula igorri.

AITA NAGUSIA: Zergatik?

AITA XABIER: Ez naitekelako joan.

AITA NAGUSIA: Zer duzu? Aita Nagusiaren aginduak bear dituzu lehen aldiz autsi?

AITA XABIER: Gaua da ta... eroriko naiz.

AITA NAGUSIA: Ongi da. Ez zinduen ezagutzen. Neroni joanen naiz. Aita Joannes, ekarri-iazu makila. Baina bihotz-mina emana dautazu, Aita Xabier. Nere aginduari nola uko egin diozun ikusirik, ez bai dakit gazte hoiek zer bear duten pentsa eta ikas.

FRAIDE GAZTEK: Zoazi Aita Xabier, ez zare eroriko!

AITA XABIER: Bai. Gau hiluna bai da... erori nindake. Mari-Gaizto ere hor ibilki bai da!

FRAIDEK ELGARRI: (Mari-Gaizto? Mari-Gaizto erran du? Mari-Gaizto hemen?)

AITA ANDDES: Mari-Gaizto urbil ba dugu, ez dugu odola hurrun.

AITA NAGUSIA: Hola uste dut nik ere. Mari-Gaizto ez zaizue mendi hauetarat etorriko, ez ba da odola ekartzera. Baina Mari-Gaizto'ren nagusia baino, azkarragoa da Gurea. Eta gaur, mendi hauetan, biak borrokan egin bear ba dute, ikusiko, dugu Nork nori artuko dion gaina. (Makila eskuan arturik, abiatzen da kanporat.)

AITA GAZTEK: Joanen gare zurekin, Aita Nagusi!

AITA NAGUSIA: Ez. Zaudete zuek emen, atzarrik, Aitak. (Abiatzen da.)

AITA XABIER: Aita Nagusi, ez nazazu aditu gabe gaitzetsi. Ez zaite neri entzun gabe joan. Mintza gaiten buruz buru biok.

AITA NAGUSIA: Buruz buru biok.

AITA XABIER: Bai Aita.

AITA NAGUSIA: Zato ba nerekin elizarat. (Fraidieri begira, gero) Eta zuek, ene semeak, zaudete emen otoitzean. (Badoaz)

 

 

 

IX. AGERRALDIA

 

Aita Nagusi eta A. Xabier ezik, bertze lebengoak oro. Heiek ere sarri ageriko.

 

IRU AITA GAZTEK: (A. Anddes-i)

            Egizu zuk otoitz,

            Aita Zaharrena zu zare-ta.

AITA ANDDES:

            Zuek lehena, zuek lehena...

            gazten otoitza hai da pullitena!

            Andre-Dena-Maria'ri

            Egiozute emaitza

AITA ENEKO:

            Nik kantu eginen diot!

AITA JOANES:

            Nik soiñu!

AITA IKER:

            Nik dantza

 

(Iru Aita Gazteak eman bitez, Andre-Dena Maria Iduriaren aintzinean. Eta A. Eneko kantuz lotuko delarik, A. Iker asi bedi Ama Birjinari dantzan. A. Joanes dute albokari. Bertze fraide guziak begoz Iduria-ri begira.)

 

AITA ENEKO: («Zuk zer duzu Arantzazu...» airean)

            Agur Zuri

            Andre Mari.

            Fraide nauzu

            Ta dantzari.

            Otoi dagizut gure anaia

            Ez dadin gauaz erori.

            Mendi mendian gau illuna.

            Irriskuan dut laguna.

            Ezazula utzi gauaz erortzen

            Zuretzat auta duzuna.

            Agur Zuri

            Andre Mari!

 

(Dantza bukatu baino lehen, atera bitez elizatik A. Nagusi ta A. Xabier. Onek artua da, orain, makila eskuan. Aita Nagusiaren aintzinean belaunikatu bedi. Eta hunek benedikaturik, atera bedi hua mendirat. Aita Nagusia, lotu bedi kantuz)

 

            Agur Zuri

            Andre Mari.

            Mutil nauzu

            Ta nagusi.

            Otoi dagizut nere semea

            Ez dadin gauaz erori.

            Zaude zerutik ari beha

            Igorri-iozu bakea

            Gizon izanik oroitu dadin

            Apez dela ta fraidea.

            Agur Zuri

            Andre Mari!

 

(Kanpoan, bat-batez, aditu bedi Mari-Gaizto'ren dantza-soiñua. Fraideak oro, hua entzunik, arrituak dagoz. A. Nagusia, soseguan, lotuko da berriz kantuz: )

 

            Agur Zuri

            Andre Mari...

 

(Eta A. Eneko dantzan ari delarik, fraideak oro begoz belauniko, besoak gurutzean. Anai Mattin, saski aundi bat besaspian, orduantxe sartuko. «Aitaren» egin eta lurrean jarririk, patata-xuritzen asi bedi: Otoitza gisa.

Eta hola, pulliki pulliki, oyalak etxiko)